INCOGNITO TALDEA

Incognito

INCOGNITO, MUSIKAREN MAILA GORENEAN 


Musikaren mundu konplexu eta erakargarri honetan estiloetan sailkatzen ditugu dauden musika mota desberdinak. Estiloek "inposatzen" dituzten mugen gainetik berriz musika ona edo txarra dagoela esango dute batzuk eta musika ona edo txarra dela kontutan artu gabe garrantzitsuena bakoitzaren gusto pertsonalak direla esango dute besteek. Argi dagoena da Incognitoren musika gehiago edo gutxiago gustatuko zaizula baina inork ez du ukatuko maila altuko musika dela. 
 


Hamar urte bete ditu Incognito sendiak eta sendia diogu talde bat baino gehiago abeslari eta musikari desberdinek osatutako sendi haundi baten antzera antolatua izan delako hasieratik. Familia guztiek behar dute ama edo aita eta Incognitoren kasuan Jean-Paul "Bluey" Maunick izan da paper hori jokatu duena. Bera izan zan 1981ean Incognitoren proiektua martxan jarri zuena eta bera izan da urte guzti hauetan Incognitoren bizkar hezurra eta arima. Soul, Jazz, Funk eta Bossa Nova musiken maitale amorratua azken urteotan musika munduak ezagutu dituen diska dotore eta interesgarrienen egile izan da. Lan horretan ez da bakarrik egon eta horretarako Ingaleterrako jazz musikari onenen laguntza izan du. Aldatzen joan diren musikariak izan dira Jean-Paul-en filosofia hori izan bait da hasieratik; talde finko bat osatu beharrean musikari berriak hezi eta bultzatzea. Gauza bera gertatu da Incogniton horrebeste garrantzia duten abeslariekin; egia da, Maysa Leak izan dela Incognitoren ahots nagusia (eta a ze nolako ahotsa gainera) baina ezin ahaztu Christopher Ballin, Chyna, Imaani, Dianna Joseph, Jocelyn Brown, Joy Malcolm, Karen Bernod, Kelli Sae, Linda Muriel, Mark Anthoni, Pamela Anderson eta Xavier Barnett. Guztien artean gure ustetan inoiz egin den musikarik sentikorrena osatzea lortu dute, behin eta berriz entzunda ere inoiz nekatzen ez zaituena. Eta guzti honen adibide da Incognitok kaleratu berri duen "Life Stranger Than Fiction" (Talkin Loud, 2001) lana. 


RICE DISKETXEA 


Gitarjole eta musika konposatzaile aparta izateaz gain, Jean-Paul "Bluey" Maunick negozio gizona dela argi erakutsi du. Rice izena du martxan jarri duen disketxea eta nahiz eta Incognitoren diskak Talkin Loud zigiluarekin kaleratzen dituen (Ingaleterran egiten den musikarik dotore eta interesgarriena kaleratzen duen disketxea) Incognitoren inguruan mugitzen den jende askorentzat aukera ezin hobea da bere lanak argitaratzeko.

Horren adibide garbia da Innershade taldearen "4 Corners" (1998) diska edota Maysa Leak -en "All My Life" (2000) eta Citrus Sun-en "Another Time Another Space" (2000) diskak. Guztiak Incognitoren inguruko musikariekin osatuak, Maunick-en produkziopean eta izugarrizko maila dutenak.